XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egun, lekutan dira Kalifornian argia ikusi zuten euskarazko aldizkari haiek: Escualdun Gazeta, 1885-86 urteetan kalera zena Los Angeles-etan, eta California'ko Eskual Herria. Berriketari eskualduna aguertzen dena Larumbate guziez. 1893-96 urte artean iraun zuena, Los Angeles-etakoa hau ere.

Ingelesez dira, orain, Basque Studies Program-en Newsletter-a bi ale urtean, eta berrogeita hamabigarren alera doaz, NABOren Hizketa buletina urtero hirutan, zein euskal klubek igorri izan dituzten bilera-aktak.

Euskaldunak EEBBetako melting pot gizartean

Artzantzari utziz gero, erabat barreiatuta bizi dira euskaldunak EEBBetako gizarte anabasan igeri.

Ez ditu, dagoeneko, lanbide batek biltzen.

Herrira jaitsita eskulanean jardun zuen askok.

Egun, lorazain ugari da San Frantziskoko badia arean ugari, edo esne-lanetan Kalifornian bertan baina hegoalderago, eraikuntzan nahiz bidegintzan hainbat lagun Nevadako Reno-Sparks-en zein Winnemucca aldean, meategietan Battle Mountain-Nevadan, irakaskuntzan -Boise-Idahon-, zerrategietan Burns-Oregonen, hiltegietan Wyoming-en zein Arizonan...

baina, horiek guztiak horrela izanda ere, joera dira.

Egun, aniztasuna da nagusi eta euskaldunen artean ere EEBBetan.

Aurreko lanbideetan ez ezik, euskal jatetxean, Nevadako kasinoetan legez kanpo baita gainerako estaturik gehienetan, ile-apaindegian, eskolan zein unibertsitatean, kiroletan, liburudendan, abokatu bulegoan, trenbidean, ostatuan, ordenadore konpainian, kazetaritzan, herri lanetan, high-way polizian, auto salmentan, errementaritzan, apaiz apezpiku da Garmendia lazkaotarra Bronxen, esaterako, edo moja, sendagile zein beste edozertan ari da;

erretiratu eta jubilatuta bizi ez denean, alegia.

Euskalduna melting pot horretako osagarri bat beste bat, da askoren artean.

Duela urte asko egin zuen jendartera murgil.

Nabarmendu direnetan, sona handiko dirutza pilatu dutela esan nahi baita beti edo gehienean, zenbait euskaldun ditugu kontsolagarri.

Ospea eta loria, alabaina, auzoan abiatu eta herri mailakoa izan liteke, konterrikoa, estatukoa, nazio alde batekoa zein nazio mailakoa.

Gradu asko dira arrakasta auzi denean eta neke da neurria.

Oso goi iritsi da Paul Laxalt, esaterako, Ronald Reagan-en eskuin eskua izana.

Reaganek aldegin eta bere burua EEBBetako presidente aurkeztu zorian izan zen, arestian esan bezala.

Eta sasoian dator berriz, bere eskuin esku izan dadin eskatu baitio Dole-k; lehenengo, errepublikanoen hautagai izendatzeko lehian lagun nahi du Dole-k Laxalt eta, lehia hori irabazirik, Etxe Zuriraino bidea irekitzeko, bigarren.

Paul Laxaltek, esaterako, sarrera du Elhuyarren Hiztegi Enziklopedikoan baina ez Lur-enean, eta sarrera bereko bukaeran, bere anaia Robert entzute jasoko idazlea, aipatzen da... oker.

Robert Laxalt-ek ingelesez idatzi zuen bere aitak Dominique-k, alegia, EEBBetako Mendebaldean berrogeita hamar urte artzain eman eta gero sorlekura egin zuen bisitaren gaineko nobela arrakasta handiko best seller-a: Sweet Promised Land, 1957an ikusi baitzuen, aurrenekoz, argia;

ondoren etorri ziren beste hizkuntzetara itzulpenak: frantsesez, alemanez eta azkenik, euskaraz, Dominique, Artzain xiberotar bat Nevadan (Elkar, 1988), Xabier Mendiguren Bereziartuk itzuli zuela eta kritika saria jaso.

(Euskaraz da Laxalten A Cup of Tea in Pamplona, edo Kafea hartzea Iruñean ere (Elkar, 1986), itzultzaile beraren lumatik).

Euskal trilogia ere osatu du idazleak eta beste lan anitzetan euskaldunak gai harturik idatzi ere bai.

Aldiz, 1995eko maiatzaren 15ean Reno Gazette-Journal egunkariak Paul Laxalt-i eskaini azalean eta hirugarren orri osoan, behin baino ez zen Basque irakurtzerik:

His father, a Basque sheepherder....

Lur Enziklopediak Robert Laxalt zuen aipagai, Paul politikaria ordez...

Basque dira EEBBetako euskaldunak eta, erroldek adierazi izan dutenez, hainbat basque dago EEBBetan.

Basque, eta euskaldun suerte guztiak: 1946an San Frantziskon jaio, Ezterenzubin hazi eta hemeretzi urte zituela atzera San Frantziskora bihurtu eta, egun, bertsolari den Jean Curutchet, basque da.

Crystal Etchemendy euskara ikaslea ere basque da, 1974ean Frankfurten jaio arren aita soldadu zen han, Louisianan hazi eta unibertsitatera Nevadara etorri arte ez jabetuagatik;

Crystalek birraitonak izan zituen euskal arbaso EEBBetan.

Armando Iturralde San Antonio-Texasen hazi da baina Kuban jaio zen.

Konbentzioa zuten Renon eta Euskal Mintegian izan zen, deituraren arrasto bila: basque zuen etnia hark ere.

basque Jean, basque Crystal, basque Armando... Basque dira denak eta euskaldun suerte guztiak aurki litezke EEBBetan; hiru belaunalditan, oraintxe.

Eta ezer ez da berdin.

Beste aldean dago Chris Upchurch, adibidez, irlandar jatorriko estatubatuarra: euskara ikasi zuen Renon eta Lesakako Matxinbeltzenea-n besteak beste (...)

Peter Echeverria. Nevadako senadore ohia.